XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL HERRIKO BERRIAK

Euskal komentuetako ehun bat praille eta serora bildu dira, urtarrilaren 27 eta 28an, Loiolan.

Gure herriko arazoari buruz ikertza bat egin dute, heuren jokabidea nolabait zuzentzen joateko.

Hartu dituzten erabakiak honako hauek dira: 1) Euskal Herriko eliz Batzarre Nagusi baten beharra ikusten dutela.

2) Eliz barrutietako euskal gotzaien Elkargoa (Conferencia episcopal) beharrezkoa dela.

3) Praille eta serorategien euskal banaketa (provincia religiosa) egitea.

4) Heuren ikastetxetan euskara ez dakitenei lehen hastapenak ematea, eta ikasia dutenei mailaka hizkuntzaren joskera eta bereizketak ematen joatea.

Garai hontan ikastolek duten garrantziaz mintzatu zitzaien hizlari bat.

Berriatua jaunak Israel aldean hizkuntzarekin eraman duten jokabidea agertu zien.

Hebreoaren zabalketarako hizkuntzarekiko errazbideari ekin diote.

Hiru ilabetez Israel aldean ibilia dugu azken udan Berriatua jauna.

Ez duke denborarik galdu.

Garrantzitsua izan bada Loiolako batzarrea, bai bildu den jende multzoagatik eta bai ibilitako gaiengatik, ez du aipamen gutxiago merezi horma barnetako euskal eliza isila gure herriko gaiei buruz mintzatzeak.

HEZIKETA

Bilboko Maestria Isabel Gallego de Gorriaga ikastetxean, Irala hauzoan, irakasle batek belarria atera dio Isabel Maria Martinez Carasco haurtxoari.

E.G.B. hirugarren urtea egiten du haurrak.

Bere amak dionez, goizeko atsedenaldi ondoan eskolan sartzean belarritatik lotu omen zitzaion haurrari astinaldi bortitzak emanez.

Hamabitaraino egon behar izan zuen neskatoak sendatu gabe.

Handik aterata, bederatzi pundu eman zizkaten belarri batean, eta bestea ere sendatu, zauritua bait zuen.

Ez omen da lehendiziko aldia haurra modu txarrean erabiltzen zuena eta lehen ere izana omen zen ama, andere irakasle harengana, beste era batean gauzak egin zitzan esaten.

Lotsagarri da gaurko egunean halakorik izan daitekela aitortzea.

Zuzendariari eta agintariei kontu emana dioete.

IRAULTZA TALDEA

Etxarri Aranatzen Euskal Herriko agintariak biltzekoak ziren egun berean, Iraultza taldea deritzaion elkarteak Nafarroako mendi batean egin zuen bere bilera.

Bostehunen bat bildu ziren heuren asmo eta helburuen berri ikastera.

Gazte mogimendu honen eragina iraultza dela aitortuta gero, gure herriaren askatasun sozialista aitortu zuten ekintzaren helburu bezala.

Ezkertiar talde oso ezagun batek bultzatu bazuen ere, haseran behintzat, bere alde bideak urratu nahian eman du oraiko urratsa.

BAIGORRI HEGOALDEKOA

Baigorri-ko barrutia luze ta zabala da; 27.000 erraguherri, Lerin, Larraga, Oteiza, Solanakoa, Morentin, Dikastillo, Aberin eta Allo barne direla.

Alba-tarrena da eta buru egiten duen andere Dukeak salduko omen dizkie lur hoiek guziak maizterrei.

Bertan lana egiten duten nekazariak 350 dira, ofizialki agertzen direnak; 800etik gora, berriz, handik beren ogibidea duten familiak.

Bertakoek dioete ez zaiela erosterik komeni.

67 pezta besterik ez dute ordaintzen erraguherriko (robada).

Erosita gero, zerga guziak beren gain izango dituzte.

Nola nahi dela, harremanak luze joanik ere, saltzeko erabakia hartua izan behar du etxekoandreak.

DIPUTAZIOAN EUSKARA

Euskararen ofizialtasuna hainbeste aipatzen den garaian, oso jatorra iduritzen zaigu Gipuzkoako Aldundiak (Diputazioak) agertu berria duen asmoa.

Bere ardurapean diren langile eta kargudun guzientzat euskarazko eskolak ezarri ditu, nahi badute ikasi. Baina ekintza ez dadin ajola gutxiko zerbait gertatu, lan orduetan emango dira ikastaroak, eginkizun oso eta arduratsu bezala.

Txalogarri derizkiogu benetan Gipuzkoako Aldundiaren erabakiari.

Euskararen ofizialtasuna ahotan erabiltzea baino jatorrago da egitea.

Balukete beste hiru Euskal Herriko Diputazioek nun zer ikasia.

ARBAYUN-GO HERRATEKA

Arbayun-go harreteka (Foz) arrano eta beste egazti larrien bizilekutzat bereiztea erabaki du Nafarroako Aldundiak.

Ihiztariek ez dute han sartzerik izango.

Iluberri, Usun, Iso eta Biguezalgo lurraldeak arrapatzen ditu, ibaiaren bihurgune guzien ezker eskubitik.

Diputazioak berak ere badu Montidorra izeneko barrutia eta hura ere barne da.

Galtzeko arriskuan dira egazti bakar batzu zaindu eta, ahal balitz, ugarituarazi nahian, ezin da toki hortan ihizirik tirokatu ez egaztiak astindu, ez surik piztu, ez ondarkinik bota, ez irrati tresna eta beste holakoekin hotsik atera.

Lur baketsu eta ernagarri izango dute arrano eta bere antzeko egaztiek.

Zorionekoak.

IKURRIÑARI TIROKA

Elejabeitia Gaztelua Euskal Herria izango delakoan gaude, Bizkaian hain zuzen ere.

Bertako Esteban Beldarrain jaunak tiroka ekin dio herritarren batzu plazako argiabe batean ezarria zuten ikurriñari.

Eskopetaz hamabi tiro ez beraz tvarreko hamairuak eman dizka oihalari.

Eta berri berria izango zen gainera.

Dozena hutsean gelditu zaigu beraz.

Bai norbaitek kondatu ere!

Beldarrain jauna Konseilukoa dela zioen gainera berriak; alkate ondoko, Agintaria, beraz.

EUROPAKO LANGILEAK

Europa alderako langileen joera ez da zaharra gure artean.

1960 inguruan sortu zen hemen mendilan eta etxegintzako lanetarako aterabidea.

Ordu arte itsasoz beste aldera joera gehiago hemengo langileak, eta han gelditu ohi ziren askotan.

Beste bide hau joan etorria egiteko asmaturik zegoen.

Haseran parrastaka joaten zen jendea 1971ean, esate baterako, 120.900 Espainia guzitik.

Zer esanik ez, euskaldun mordo haundia bazela haien artean.

Urte hortatik hasi ziren oztopoak sortzen eta gutxitzen joan da hango sarrera.

1975an, 24.500 besterik ez; eta ihazko bederatzi lehenbiziko ilabeteetan 14.500.

Hemen dugun lan eskasiako egoera estuan ondore txarrak sortzen ditu gertakizun honek.

Alde batetik, haiek zekarten irabazia gutxiago, eta bestetik lanik gabekoan saila goratzen.

JAKIN JAKIN aldizkaria berriz ere kalera datorkigu.

Sei urtez debekaturik egon ondoan jakintza mailan bere hutsunea beteko du.

Lehengo maila berean jarraituz gai bakarrari ekinen dio ale bakoitzean, eta oraiko zenbakian Euskal Unibersitatearen arazoa aztertuko du.

Gai gaur-gaurkoa eta gure artean ditugun gai mailako idazleek egina.

Torrealday, Anaitasuna-ren zuzendaria, izango da JAKIN-en zuzendari.

Hiru ilabeterokoa izan nahi du, eta 150 pta. balioko du ale bakoitzak.

Harpidedunentzat 125.

Oraikoz 3.000 aleko argitalpena egiteko asmoa dute bere eragileek.

Pozik ematen dugu berri hau eta bizi luze bat opa diogu euskal kulturagintzan bere nortasun berezia ongi irabazirik daukan aldizkariari.